XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Eskutitza heldu bazaio ere, zer dakit nik nola dagoen idatzirik? Ba litekek Manuk berak heriotzako larrian arazoa haundiegi egin izatea.

Eskutitza eskutitz duk, ez besterik.

Agian ulertuko al du Izaskunek! Bai, seguru asko.

Emakumeek guk gizonok baino sena haundiago diate.

Ez al ditu, bada, nire sentimentuak ezagutzen? Ez al nion neure barren osoa agertu?.

Atsekabearen gauean gogoetok argi egiten zidatek, zerura iraitzitako etxaperuak bezala.

Minutugarrenean, ordea, berriz ere iluna.

Etsipenak olagarro ikaragarri baten antzera itxaropenaren odol guztia husten zidak.

Zertarako neure burua enganiatu? Ez al zidan, bada, berak esan, ni gabe ezin zitekeela bizi?.

Hondamendia zirimolaka nire gainean kokatzen ari duk.

Ezin zalantzan jarri.

Manu Zata ez huen ergel.

Ez zian ni ikaratu nahi.

Izaskunengana etortzeko eskatu didanean, gora haundiko egiteko huen.

Hor zegok dena! Eskutitz hori bere eskuetara iritsi bada, kito!.

Hau duk damu otoitz ezin egina!.

Umetako Jainko adiskidetsu hura non dago? Laguntzaren beharra eta inoren errukirik ez.

Neure burua halabeharraren eskuetan utzi behar.

Ezinak batzutan ondoeza eta gero amorro eramanezin lazgarria sortzen zidak.

Ez zeukeat, ordea, inor neure herra hustutzeko.

Bihotzondoan gorde behar zorna pozoitsu hau.